castellano   |   euskara
no a los recortes sociales
STOP MURRIZKETA SOZIALEI ETA ENPLEGU SUNTSITZEARI


SOLIDARI-kook salatu nahi ditugu azkenaldian administrazio publiko guztietan Inbertsio Publikoan ematen ari diren Murrizketa Sozial izugarriak. Askotan, Gastuaren Murrizketa honek, Ongizatezko Estatuaren gainbehera dakar.

Ongizate Estatua babes mekanismoa da, desberdintasun latzak dituen gurea bezalako gizartean, kohesio sozialerako mekanismoa, alegia. Osasuna, Hezkuntza, pentsio sistema, gizarte zerbitzuak…. Hauek guztiak eta gehiago estali beharreko oinarrizko behar sozialak dira, eta horregatik aintzat hartu behar ditugu, babestu eta hobetzen saiatu.

Langabezia tasa izugarria, enpleguaren behin-behinekotasun eta prekarietate iraingarriak, pobrezia erlatiboaren eta absolutuaren tasa onartezinak, eta etorkizun zalantzagarria (epe motzera eta epe ertainera) hortxe ditugula kontuan izanda, babes mekanismo publikoen beharra ukaezina da, baldin eta gutxieneko giza eta gizarte-justizia ikuspegirik izanez gero, bederen.

Horregatik, egoera latz hau salatu egin nahi dugu; enplegua sortzeko bideak sustatu eta babes publikoa mantendu ordez, kontrakoa egiten baita: murrizketa sozialak, gastu sozial txikiagoa, eta honek dakarren enplegu suntsitzea.

SOLIDARI-n argi eta garbi dugu egoera honek ideologia kontuekin duela zerikusi handia. Gastu soziala murriztu nahi duen ideologiarekin eta diru sarrera publikoak handitu nahi ez dituenarekin, alegia. Ideologia honek nazioarteko krisiak eragindako xok-a baliatzen du bere planteamendu ekonomiko eta politikoak indartzeko. Horren adibide garbia da konstituzioaren erreforma lotsagarria, zorpetze publikoari muga jartzen diona. (zergatik ez dute konstituzioa aldatzen enplegu ezaren tasari edota pobrezia tasari muga jartzeko?) edo Nafarroako eta UPN-ko presidente Yolanda Barcinaren adierazpenak: “Esparru publikoa estutzeko garaia da”. Ongizate Estatua murriztu egin nahi dute. Gehien dutenak haien kabuz finantza daitezela, egiterik bai baitute, eta gutxien dutenak, ahal bezala, hor konpon daitezela, gero eta pobreago izanez. Horixe da haien nahia.

Horregatik guztiarengatik, herritarrak, sindikatuak eta politikariak mugitzen hasteko garaia dugu. Ezin dugu horrelako eraso sozialik onartu. Ez badugu egoera hau geldiarazten, eta ez badiegu honetan ardura dutenei kostu politikorik ordainarazten, etorkizunean hartu beharreko neurriak askoz ere larriagoak izango dira, aseezinak baitira.
 
 
 
 
Kontaktu
Ohar Legala
 
creative commons
PAMPLONA: ESTAFETA 61-2º DCHA     T: 948 220 051     NAFARROA@SOLIDARI.ES    TUDELA: PRINCIPE DE VIANA, 3-1º     T: 948 825 857     TUDELA@SOLIDARI.ES