Solidari Digitala martxoa. editoriala
Azken urtarrilean argitaratu genuen SOLIDARI DIGITALetik, indar sozialentzako eta langileriarentzako transzendentzia desberdinen gertakariak suertatu dira. Haien arteko nabarienetariko bat Akordio Sozial eta Ekonomikoa izan da, zeinarekin Gobernua eta CCOO eta UGT sindikatuen arteko negoziazioa bukatu den. Kontuan hartzen badugu erreformak eta pentsioen sistema publikoaren merkatzeak milioika lagunengan izango duen eragina, adostutako murrizketen banaketa desberdina -zeina gutxien duenak gehiago sufrituko duen-, murrizketa bortitz horren ordez ezer eskaini gabe, herri klaseentzako eta aldaketa sozialetarako “zorigaiztoko itun historiko” baten aurrean gaudela esatea ez da batere gehiegikeriarik. Sinatu zuten sindikatuek testua argitaratu zen egun arte beraren aurka zeudela jakiteak haserrea eta kezka areagotzen ditu.
Itun Sozial eta Ekonomikoak, krisiaz baliatuz, pentsioen murrizpen progresiboa suposatzen du, 2027 urtean, erreforma erabat ezarrita egongo denean, jubilatzeko adina bi urtez (67 urte arte) atzeratuko baititu jubilatuko diren lagunen erdiarentzat eta, gainera, pentsioen zenbatekoa %5 eta %20 artean murriztuko baitu gehiengoarentzat.
Sinatu duten sindikatuek injustua den erreforma bermatu egin dute, zeren eta okerren aterako direnak nahikoa ez den pentsioa jasoko dutenak izango dira, pobrezia erlatiboan bizitzeko behartuta egongo direlarik. Sindikatu horiek oinarrizko kontzesio ideologikoa egiten dute sostengu faktorea onartzean, 2027 urtetik, bost urtean behin, bizi-itxaropenaren arabera sistema berrikustea proposatzen duena, alegia. Ez al genuen esaten denok sistema sostengarria zela demografia garapenaren gainetik? Eta gainera argi eta garbi esan behar dugu, lehen denok batera esaten genuen bezala, erreformak ezer ez duela egingo ekonomia berpizteko edo Espainiako ekonomiak dituen egitura arazoak konpontzeko. Azpimarratu behar da, halaber, langabezian dagoen jende mordoarekin (4.700.000 lagun) itunak aipu arrastorik ere ez duela egiten ongi bizitzeko arazoak izango dituzten lagunen pentsio duinari buruz.
Itunaren kontrako kritika bere edukia merezi duena bezain gogorra izango dela abiapuntutzat hartuz, eta orain arte izan den negoziazio formatu berberarekin jarraitu behar dugula kontuan hartuz (non sindikatuen balizko kontratuko gaitasuna ez baita mobilizatzeko edota presionatzeko gaitasunean oinarritzen baizik eta politika kontserbatzaileetatik bereizteko lorpen txikiak baino ez dituzten eskaintzen bake soziala eta lankidego faltsuetan), egiten dugun galdera zera da: Norantz bideratu behar dugu gure eginkizun sindikalak dituen arlo ezberdinak, hau da, propaganda, salaketa, mobilizazioa? SOLIDARI osatzen dugunontzat orain eta etorkizunerako funtsezko gaia da. Nola adostu desadostasun errotikoa, kritika zorrotza eta salaketa irmoa, beharrezkoa den dialogoarekin, eta errealitate horrek indar guztiei, diferentziak gaindituz, eskatzen dien lankidegoarekin?
Ituna sinatu eta gero, ezker sozial eta sindikalaren egoera lehen baino okerragoa da, eta gizartearen kontrako erasoaren aurrean erresistitzeko aukerak gutxiago dira. Dena dela, deskontentua eragiten duten faktoreak eta politika horiek faboratzen duten gatazkakortasuna indarrean daude eta datorren denboretan ere herriaren deskontentua sortzen jarraituko dute. Eta indar ekonomikoek sostengatzen dituzten neurriak eta erreformak eta gizartearen gehiengoaren interesen arteko desadostasunak mantenduko dira. Eta desadostasun horiek eta dagokien gatazka handi daitezke baldin eta bizitza baldintzak eta gehiengoaren itxaropenak okertzen badira. Eta CCOO eta UGT sindikatuak ezin izango dira egoera honetatik kanpo geratu.
Iragan 27an neurri hauen kontrako gaitzespena adierazteko aukera izan genuen, eta mobilizazio egun gorabeheratsua eta dei partziala izan zela onartu arren erreforma injustu hori denuntziatu nahi zuten lagun askorekin bat egin genuen.
Gobernuaren politikak eta pentsioen itunak eragin duten ezker sozialaren etsipen egoeran gaudela onartzen badugu ere, krisiaren kontrako edozein alternatiba aurrerakoiak gehiengo sindikalaren oinarri sozialarekin kontatu behar duelakoan gaude, zeren bertan asaldatze energiak eta borrokatzeko gaitasuna baitaude. Hortaz, erakunde horien lagunekin dialogoa mantentzeko dagoen beharra, batez ere oinarrizko jendearekin eta bestelako mailetan ahal dena, gehiegikeria orotatik aldenduz sindikalismoaren kontrako mugimendua handitzen duelako, eta honek ez ezkerrari ez eta langile klaseari ere ez lieke mesederik egingo.
Eltze sozial handian kontrajarriak diren interes asko dagoenez botere ekonomikoek eta EBaren buruek aginduta etortzear dauden austeritate eta egiturazko erreformen (laster soldaten eztabaida etorriko da) kontrako mugimenduak irakiten ari dira. Kapitalismoaren aldeko estrategiaren argitze kritikoa bultzatu, sortuko diren erresistentzia eta errebindikazioei lagundu, krisiaren kudeaketa neoliberala justifikatu edo bermatzen duten jarrera politikoak eta sindikalak kritikatu…: Zaila dirudi arren, hau da ezinbesteko baldintza herriko klaseen aldeko politika egingo duen indar alternatiba garatu ahal izateko.