Historiagileek atzerantz begiratzen dutenean 2010. urtera, merkatu librearen aldeko fundamentalisten garaipenak harrituko ditu gehien, horien ideia “bikainek” sarraski latzak eragin arren: bankuek, deskontrolaturik, ekonomia hondamendiaren mugara eraman ondoren, eta mundu guztiak finantza merkatuak Estatuek kontrolatu beharra aldarrikatu eta gero, hara non, ez dituzten, oraindik ere, ez bakarrik kordan ez sartu, baizik eta ekonomiaren lemaren jabe izaten segitzen dute, eta haien zaldien hankapean jartzen dituzte Estatuak eta Europa bera, eta lasai baino lasaiago dabiltza munduko ekonomiaren aginte-guneetan. Egun, eskuina eta bere aholkulari ekonomikoak dira, han eta hemen sortzen diren ekonomia politika guztien jaun eta jabe.
Espainian gertatzen ari dena izan daiteke lehen esandakoaren adibiderik eredugarriena: Espainiako politika merkatuen zerbitzuan dago, horiek antzinako jainkoak bailiran, beren haserrea gozatzeko “lagungarri”, eta eskaintza baten ondotik (Lan Erreforma) beste baten beharrean daude (pentsioen murrizketa) eta beste batenean (negoziazio kolektiboa)..., horrelaxe, Espainiako Ongizate Estatu hondatu samarra erabat hondoratu arte, beti ere, merkatuak deituriko horiek asebetetzea inoiz lortu gabe. Eta larriena zera da, klase politikoaren eta iritzi publikoaren bideak beren esku dituztenen esanetan, etsia hartzea beste itxaropenik ez dugula ematen duela.
Bereziki kezkatzekoa da, uholde kontserbadore honen guztiarean aurrean, ezkerra osatzen duten indar politiko eta sozialen ideia eta alternatiba eza. Europari dagokionez, eskubide sareek eta lorpen sozialek erasorik bortitzenak jasaten ari diren tokia, beste garai batean ahaltsu izandako mugimendu sindikala, KESen (Kontseilu Ekonomiko eta Soziala) inguruan pilaturik, ez da gai izan ia-ia erantzun bateratu minimoa bultzatzeko, eta herrialderik joenetan soilik (Grezia, Espainia, Frantzia, Portugal...) izan dira nola-halako mobilizazioak. Nolanahi ere, gauzak nola ari diren gertatzen ikusita, erantzun eskasegiak politika antisozialak atzera botatzeko. Europako Batzordea, eskuineko politikek zuzendua eta ia-ia benetako oposizio eraginkorrik gabe ikustea eta alderdi sozaialistak egiten ari direna gobernuan dauden herrialdeetan (Grezia, Portugal, Espainia), egoera negargarri honen adibide nabarmenak dira.
Arazorik hurbilenei heldu nahian, ez dago sobera pentsioen erreformaren inguruan zerbait esatea. Neurri bidegabe bezain engainagarria. Bidegabea langilerik behartsuenei eraginen dielako. Engainagarria kontuetan oso eragin eskasa izanen duelako. Eta hemen ditugun alimaleko langabezia tasak kontuan izanda! Kalkulatu dute, erretiroa atzeratzeak beste adin tarteetan langabetu gehiagorik ez sortzeko, 500.000 lanpostu sortu beharra dagoela! Pentsioen inguruan eztabaidatzeak nahitaez badakar gure gizartean lanaren inguruan ditugun ezberdintasunez aritzea, soldatez, bizi itxaropenaz, heriotzaz, finean, zergatik zigortu ahulenak? Zergatik ezabatu elkartasun kontzeptua helburu monetario ezin eztabaidagarriagoen mesedetan?
Gizarte mugimenduek eta bereziki mugimendu sindikalak egun dituen erronkak sekulakoak dira. Arazo gehiegiri egin behar die aurre eta partida ez da berdintasunean jokatzen ari, arerioek ia jokaldi guztiak beren alde dituzte, eta kartak markatuak. Garaipen aukeretatik ez daiteke deus aurrikusi. Hala ere, errebeldiarako azken aukera da, elkartasunaren defentsarako lehiakortasunaren aurrean, zuzentasunarena lukurreriaren aurrean. Horrexegatik, bada, sindikalgintzaren inguruan bildu behar gorria dugu gizarte oposizio eta erresistentziak, ahalik eta kohesionatuen, hainbeste ahalegin, borroka eta lorpen sozialek osaturiko ondarea suntsitu nahi duen uholdeari aurre egiteko.
2010. urtea gizarte oposizio honetan amaitu da, eta SOLIDARIk parte hartze aktiboa izan du bertan, eta 2011 ere horrela hasiko da, eta SOLIDARI bertan izanen da.