Jendarte gehiena, demokrazian lan eta gizarte eskubideei inoiz egin zaien erasorik latzena jasaten ari da:
Lan Erreforma dela medio, iraizpena modu eskandalagarrian merkatzen baitu, behin-behinekotasunaren iruzurrari inola ere aurre egin gabe. Erretiro sistemaren Erreformaren bidez, honetan, erretiroa lortzeko kotizaturiko urte kopurua handitu nahi baitute eta erretiro adina atzeratu (erretiro sariaren zenbatekoak murrizteko helburu argia dutela). Gizarte kohesiorako gastu publikoaren murrizketaren bitartez, horrelako ezberdintasun nabarmenak dituen jendarte honetan. Langabetuei laguntzeko mekanismoez (4 milioi eta erdi lagunetik gora langabetu), edota pobrezia egoerei aurre egitekoez, Oinarrizko Errenta lekuko, baliatzen direnak kriminalizatuz...
Gizarte larrialdiko egoera honetan, ezinbestekoa da hiritarren erantzun sendoa. Ahulenak zigortzen dituzten politika ekonomiko eta sozial lizun hauek merezi duten erantzuna.
Beharrezkoa zen erantzuna joan den urtean, beharrezkoa zen ekainean, beharrezkoa zen irailean, eta, nola ez, beharrezkoa da orain ere.
SOLIDARIn uste dugu egoera hau salatzen duten mobilizazio guztiak beharrezkoak eta eraginkorrak direla. Hori dela eta, SOLIDARIk bat eginen du, Nafarroako lau sindikatu nagusiek, egun hauetarako deituriko bi manifestazioekin.
-Alde batetik, CCOOek eta UGTek abenduaren 18rako, larunbat goizerako, antolatu dutenarekin.
-Eta bestetik, ELAk, LABek, STEE-EILASek, EHNEk eta HIRUk abenduaren 23rako, ostegunerako, antolatu dutenarekin.
Iruñean eginen diren bi manifestazio hauen balorazio positiboa egiten dugu; hala ere, uste dugu, krisi honen ondorioei aurre egiteko, elkarlan maila handiagoa eta sindikatu nagusien deialdi bateratuak beharko ditugula.