castellano   |   euskara
Solidarik greba babesten du


Solidarik greba babesten du

Solidarik greba babesten du

Martxoaren 8an emakumeon grebara eramanen gaituen prozesua abian jarri du mugimendu feministak. Emakume guztiok lana uztea planteatzen dugu guk; maila guztietan, zainketan, kontsumoan, ikasgeletan eta lanean. Gu gabe mundua ez dabil; eta gelditu egin nahi dugu, gobernuei eta jendarteari argi uzteko ezinbestekoak garela.

Eta dena gelditu nahi dugunez, emakume guztiok gelditzea nahi dugu, nor bere egoeran, jakinik bakoitzak berea duela. Greba eraikitzea eta antolatzea prozesu luzea da, eta prozesu horretan emakume guztiok izatea nahi dugu.

Martxoaren 8a egun garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da errealitate guztietako feministok, toki eta pentsamolde ezberdinetakoak,  garatzen ari garen prozesua, Patriarkatuaren kontra baturik eta bizitza hobeak eraikitzeko lanerako prest.

Zergatik greba feminista?

Geure burujabetza aldarrikatzeko eta geure bizitzen gaineko kontrola izateko eskubidea erreklamatzeko geldituko gara. Trabeska sartua diguten prekarietate patriarkala, geure egunerokoan derrigortu egiten gaituena salatu egin nahi dugu. Horregatik lau ardatzetan oinarritu nahi dugu greba feminista: Lan arloa, Ikasleen mundua, Zainketak eta Kontsumoa.

Geure lanetan gelditu eginen gara, patriarkatuak eta kapitalak modu kriminalean bat egiten dutelako; sexuaren araberako lanaren banaketak prekarietatera kondenatzen gaitu. Geure lana aintzat hartua izatea eta errespetatzea eskatzen dugu.

Ikasgeletan gelditu eginen gara, toki seguruak ez direlako, hezkuntza publikoa, laikoa, feminista eta kalitatezkoa nahi dugulako.

Zainketetan gelditu eginen gara, geure ugalketa lana ikusezin eta baliorik gabe uzten duelako sistemak, soilik emakumeen arloko lana delako. Kapitala - bizitza kontraesanak ito egiten gaitu gure egunerokoan. Sistema kolapsatu eginen litzateke gure eguneroko zainketa lana ez balego. Zainketan gelditu nahi dugu, baina, bestalde, zainketa bera aldarrikatu nahi dugu, ikusgarri bihurtu, horren inguruan kontzientzia zabaldu, birbanaketa egin ahal izateko.

Kontsumoan gelditu nahi dugu, agerian uzteko gu gabe geure auzo, herri eta hirietako merkatuek ez dutela funtzionatzen. Gu gabe ez da harategirik izanen, ez fruta dendarik ez eta kontsumitzailerik ere.  Gelditu egin nahi dugu, gure eskubideak eta geure bizitzak errespetatuko dituen bestelako kontsumo mota bat eraikitzeko.

Gizona bazara, eta laguntza eman nahi baduzu, zeure lanpostuan gelditzeaz gain, badira zuk egin ditzakezun gauza asko, zure lankide emakumeek geldialdia egin ahal izateko. Hauxe duzu ugalketa eta zaintza lanak kudeatzeko eguna.





mail  blogger  facebook  twitter  rss  imprimir 
 
 
 
 
Kontaktu
Ohar Legala
 
creative commons
PAMPLONA: ESTAFETA 61-2º DCHA     T: 948 220 051     NAFARROA@SOLIDARI.ES    TUDELA: PRINCIPE DE VIANA, 3-1º     T: 948 825 857     TUDELA@SOLIDARI.ES