castellano   |   euskara
Gizarte - Gailurraren Deklarazioa - Nafarroa


Gizarte - Gailurraren Deklarazioa - Nafarroa

Ipar Amerikako banku-sistemak bilioika dolar balio zuten produktu finantzario sofistikatuak merkatura ateratzearekin hasitako iruzurraz kutsatzen hasi zen Estatu Batuetako eta Europako ekonomia produktiboa 2008ko bigarren erdialdera. Orduan, Europako agintari politikoak ez ziren ados jarri krisiak izango zuen eraginaren inguruan. Batzuek behin eta berriro ezeztatu zuten krisi finantzarioak nazioarteko krisi ekonomiko eta produktibo bilakatu ahalko zenik. Beste batzuek haien herrialdeetan adierazle makroekonomiko handien hondatzea bultzatu zuten Gobernuko aurkari politikoei gaitasun eza eta kaudimen-gabezia leporatzeko. Oposiziotik Ongizatearen Estatuaren konkista eskatu zuten eta gizarte zein lan eskubideekin konpromiso betea aldarrikatu zuten.

Batzuek eta besteek ez entzunarena egin zuten, batik bat mugimendu sindikaletik etorritako ekonomian adituak zirenen ekimenen aurrean. Ekimenek krisitik ateratzeko bestelako politikak eta ekonomia berpizteko, enplegurako eta gizarte-kohesiorako neurriak eskatzen zituzten. Enplegua sortzeko inbertsio publikoa bideratuko zela modu lausoan ziurtatu ondoren, mundu osoko agintariek krisia eragin zuen politika bera eraman zuten: eskubideen desregulazio handia, Estatu sozialaren eta kontu publikoen orekaren arteko bateraezintasuna eta guztizko lehentasuna defizita ahalik eta denbora laburrenean gelditzeari. Liberalismo bete beteko lau urte igaro ondoren emaitza argia da: krisi gehiago, atzeraldi gehiago, langabezia gehiago, gizarte-kohesio gutxiago, Estatu gutxiago eta bidegabekeriaren eta gizarte-bazterkeria gehiago. Ekonomia espekulatiboak eta merkatu finantzarioek politika eta demokrazia garaitzen hasi ziren.

Espainian, egoera paradigmatikoa da. Aurretik gobernuan egondakoek neoliberalismoaren jarrerak “arduratasunez” beregain hartu zituzten. Egun gobernuan daudenek hauteskundeak programa batekin irabazi eta beste batekin agintzen dute. Izugarrizko iruzur demokratiko latza, eta dirudienez, Mariano Rajoyren Gobernuan mugarik ez duena. Sei hilabete baino denbora gehixeagoan, trantsizio demokratikoan jaiotako lan-zuzenbidearen arkitekturarekin amaitu du; langabezian dauden pertsonen bizitza zailtzen du; soldatapeko eta pentsiodun gehienak pobretzen ditu; immigrazioaren aurkako jarrera hartzen du; gazteei oraina eta etorkizuna ukatzen die; adinduak ahazten ditu; berdintasun ezaren esparrua handitzen du eta, berriz ere, emakumeari abortuari buruz erabakitzeko zuen eskubidea ukatzen dio; garapenerako lankidetza errotik kentzen du; langile autonomoen jarduera zigortzen du; ikerketa eta zientzia gutxiesten ditu; mendekotasuna duten pertsonak eta arreta ematen dietenak bide bazterrean uzten ditu; zaurgarrienak diren kolektiboen bazterkeria bultzatzen du oinarrizko errenta bezalako babes sozialeko sistemak kaskartuz; ezgaitasunak dituzten pertsonak gutxiesten ditu; utzarazpenen dramaz ahaztu egiten da, hipoteka-iruzur baten biktima diren milaka eta milaka familia ahazten ditu bankuak milaka eurorekin salbatzen dituen bitartean; kultura zokoratu egiten du; zerbitzu publikoak kaskartzen ditu eta kolpe bortitza ematen die hezkuntzari eta osasun publikoari; eskubideak eta askatasunak zalantzan jarri edo/eta ukatzen ditu autoritarismorako joera argi bat azalduz; sindikatuak eta herritarrak ordezkatzen dituzten kolektiboak jazartzeko borondate gaixotia adierazten du; defizitarekin itsutzen da, inbertsio publikoa, jarduera ekonomikoa eta enplegua ahaztu egiten ditu; halabeharrez, 2012ko amaieran 6 milioi langabetu izatera heltzeko bidetik doa. Eta hori guztia merkatu finantzarioen eta Europar Batasunaren konfiantza berreskuratzeko. Eta hori ez lortzeaz gainera, apalkuntza eta mespretxua jasotzen ditu. 

Aski dela esateko garaia heldu da. Hala adierazten dute herrialdearen toki ezberdinetan beraien eskubideak aldarrikatzeko (aspaldiko partez lehenengo aldiz agian) kalera irteten diren milaka herritarrek. Uztailaren 19an milioika lagunek bete zituzten Espainiako kaleak Gobernuak egindako murrizketen aurka azaltzeko. Eta abuztuan berriro aterako dira nahiz eta udako oporren garaia izan.

Ez gara geldituko. Irailean Gizarte-gailurrean parte hartu dugun erakundeek mobilizazio soziala eta demokratikoa areagotzea proposatzen dugu indartsuagoa eta jendetsuagoa izateko. Konstituzioak gure esku jartzen dituen bide guztiak erabiliz egingo dugu eta gizartearen gehiengoak irmoki ezetz esango diegu ekonomia zapuzten, kontsumoa uzkurtzen eta azken 35 urtetako elkarbizitza eredua hausten duten neurriei. IRAILAREN 15EAN, EHUN MILAKA HERRITAR MADRILERA JOANGO DIRA ESPAINIAKO TOKI EZBERDINETATIK HAINBESTE BIDEGABEKERIARI EZ ESATEKO. Gobernuari eskatuko diogu hain emaitza urriko eta bidegabeko politikarekin ez jarraitzeko eta erreferendum bat deitzeko onetsitako neurrien inguruan herritarrek beraien iritzia adieraz dezaten. Gobernuak hala egingo ez balu, Gizarte-gailurreko erakundeok egingo dugu HERRI-KONTSULTA eta lortutako emaitzaren arabera jardungo dugu. EZIN DUGU HORRELA JARRAITU.  





mail  blogger  facebook  twitter  rss  imprimir 
 
 
 
 
Kontaktu
Ohar Legala
 
creative commons
PAMPLONA: ESTAFETA 61-2º DCHA     T: 948 220 051     NAFARROA@SOLIDARI.ES    TUDELA: PRINCIPE DE VIANA, 3-1º     T: 948 825 857     TUDELA@SOLIDARI.ES